XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DESKRIBAPENA

Zer den

Gauza bat nolakoa den erakusten duten testuak dira.

Sekuentzia deskriptiboak eskuarki bestelako testuen barruan agertzen dira txertatuta, bigarren mailako funtzioa betetzen dutelarik.

Honela, azalpenetan, testu-liburuetan kasu, sarri agertzen dira; narrazioetan oso arrunta da narrazioaren markoaren deskribapena (denbora, espazioa, pertsonaien deskribapen fisiko eta sikologikoa, beren pentsamoldearena...), elkarrizketetan maiz agertzen dira gauzen edo espazioen deskribapenak, prozesuenak...

Egitura

Deskribapen testua ematen den informazio guztia bilatzen duen titulu edo gai nagusi baten inguruan multzotutako zenbait elementuz osatuta egoten da.

Izan ere, testu hauen ezaugarri nagusienetako bat horixe da, hain zuzen: deskribapenaren espantsioa nahi adina luza daitekeen arren, informazio guztia titulu batera laburtu eta bil daitekeela. Informazio berriak edo gai nagusiaren espantsioa deskribatutakoa gaia erlazionatzen du gai horri dagozkion propietate, parte edota kualitate zenbaitekin.

Deskribapenak honela sailka daitezke:

Egoeren deskribapena: Fisikoa/paisaia

-gauzak
- animaliak
- pertsonak...

Prozesuen deskribapena:

-nola egiten den
-nola funtzionatzen...
-nola erabiltzen den
-ideien garapena

Barne egoerak:

-egoera sikologikoa
-izaera
-sentipenak...

Gehienetan espazioaren ardatzean eratutako testuak izan arren (ikus Sailkapenean egoeren deskribapena), badira denboraren progresioan ematen diren ekintza edo prozesuen deskribapenak.

Deskribapenetan ordena bat segitu ohi da, gehienetan honako dimentsio hauen arabera:

goitik beherako dimentsioa: goi/behe; azpi; ipar/hego

zeharkako dimentsioa: ezker/eskubi; alde bat/beste aldea; mendebalde/ekialde...

hirugarren dimentsioa: gertu/urrun; aurre/atze; barru/kanpo

denboraren dimentsioa: ordua, egunak, hilabeteak...